Kalaka Afari Taldea

Tuesday, October 16, 2007

BI TESTU

Euskadi Irratiko goizeko irratsaioan Pello Zubiriaren zutabe (minuskulaz) radiofoniko batekin esnatu nintzen atzo, eta aitortu behar dut identifikatua sentitu nintzela oso. Zerbaitekiko kritiko izateak talde zehatz batean kokatzen gaituen ohituraren kontra, Hasier Etxeberriaren beste artikulu batekin ere egin dut topo, hau ere gomenagarria. Hona hemen biak:



"Egun on, entzule.Ez dakit Euskadi Irratiaren entzuleen artean zenbat diren ETAkoak edo ETAn sartzea erabakita daukatenak edo ETAk segi egin behar duela uste dutenak edo ETA beharrezkoa dela ziur daudenak. Are gutxiago dakit une honetan entzuten ari direnen artean zenbat ote diren ETAkoak.

Zu hala baldin bazara –entzule – esan nahi dizut arrazoi duzula hemen herritar asko bere eskubide zibil eta politikoetan zapalduta daudela diozunean. Arrazoi duzu hemen poliziek atxilotuekin torturak eta tratu txarrak erabiltzen dituztela diozunean. Arrazoi duzu diozunean gaixotasun larriak dauzkaten preso politikoak txirtxilatu egiten dituztela, ETAko presoei eskubide oinarrizkoenak ere ukatzen zaizkiela, dispertsioagatik ETAko presoen senideek kupidarik gabeko tratu txarra jasaten dutela. Arrazoi duzu Euskal Herriari bere hitza libreki esatea ukatzen zaiola diozunean. Arrazoi duzu 18/98 sumarioa eta horren ondorengo auzia, bakar bat aipatzearren, lotsagarrikeriak izan direla diozunean. Arrazoi duzu Ezker Abertzalea pertsegituta dagoela eta Ezker Abertzalekoak ez diren beste herritarrek pertsegizio hori eteterik lortu ez dutela diozunean. Arrazoi osoa duzu zerbait egin beharra dagoela diozunean.

Guzti horretan arrazoi duzu. Eta hala ere, edo igoal hain juxtu horrexegatik, guzti horretan arrazoi duzulako, hau eskatzen dizut:

Zuk ez ezazu hil beste inor.
Pello Zubiria - Euskadi Irratia 2007/10/15
PENTSAMENDU ARRISKUTSU HAUEK
ETAk gure herriaren burujabetza eta autodeterminazioa nahi ditu. Nik eta gutako askok ere bai. ETAk uste du, gaur dauzkagun erreminta politikoekin ez dugula gure herria —terminoaren zabalera osoan— aurrera ateratzerik izango. Nik eta gutako asko ere bai. ETAk uste du, Espainia eta Frantziako gobernu eta estatuak ez direla benetan demokratikoak. Nik eta gutako askok ere bai. ETAk uste du… Nik eta gutako askok…
Ez da txantxa, aurreko lerro horiek egia borobilak dira. Badakit askok ez duzuela horrela pentsatzen, baina nik eta gutako beste askok bai eta bai. Erratuta egon naiteke, baina benetan egiten dut bat ETAk egiten dituen analisi politiko asko eta askorekin. Oso hurbil sentitzen ditut nire gurari politikoak haiek argitaratzen dituztenetatik. Primerako begi klinikoa daukala ETAk, herri honi egiten zaizkion jukutriak salatzeko.
Garzón edo beste norbait haserretuko da orain eta apologian nabilela ebatz dezake. Esku loturik eramatea agin dezakete. Entzutegi Nazionalera, seguru asko. Zenbat urte dira horiek? Gauez etorriko dira? Nora eramango naute preso? Gure seme-alabek ikusiko al naute gaizkile baten antzera matrikularik gabeko auto batean nola sartzen nauten? Abisatuko al diote nire familiari, ala galdezka ibili beharko dute non naukaten jakiteko? Eskubideak oro kenduko dizkidate? Jo egingo naute? Iraindu? Umiliatu? Torturatu? Bainera eta elektrodoak niri? Lehenago ere itxi ziguten Euskaldunon Egunkaria ETAk bezala pentsatzen omen genuela eta. Ez litzateke, beraz, lehenengo bider.
Gauzak horrela baldin badira, zer egin behar dut nire pentsamendu hauekin? Pentsatzen dudana pentsatzeari utzi? Zein terapia kontratatu behar da errealitatea beste era batera ulertzen hasteko? Non dute salgai hori? Zein da bide egokia? Pentsatzen dudana ez argitaratzea? Pentsatzen dudana ezkutatzea? Disimulatzea, agian? Nire lana ez al da, bada, zutabe honetan neure iritzia ematea?
Arraioa, ez dago panorama erraz-erraza ni eta gutako askok pentsatzen dugun bezala pentsatzen ibiltzeko. Minbizi edo kantzer bat baino arriskugarriagoak dira gure pentsamenduak. Agian soluzioa pentsamenduen alde guztiak aitortzean dago. Aurkia eta ifrentzua aitatzea, Leon eta Castillo. Ez dakit. Badaezpada, egin dezagun.ETAk borroka armatuan du itxaropena oraindik. Nik eta gutako askok ez. ETAk jendea hiltzen du. Nik eta gutako askok ez. ETAk bonbak jartzen ditu. Nik eta gutako askok ez. ETAK hau eta hura egiten du. Nik eta gutako askok, ez eta pentsatu ere…
Baina, zergatik bigarren parte hau gaurko zutabean? Ba al zegoen beharrik? Agian lehenengo parteagatik inork zigor ez nazan izango da, edo teknika periodistikoa erabiliz, politikoki zuzen gerta nadin. Ala biengatik.
Alde bateko eta bestekoen dena ala ezer ere ez honek itoko gaitu, azkenean, bi muturren artean bizi garenok.

Hasier Etxeberria. El Mundo. 071013